EMAN ARNASA EUSKARARI

 1 KARTELA abendua 960x220mm
Euskara gu guztion altxorra da, ez putzu sakon eta ilun batean gordetzeko altxorra. Euskaldunok ezpainetan dugun lanabes baliotsua da, elkarrekin partekatzekoa. Muxuak bezalaxe, ezpainetik ezpainetara salto egiten duen animalia da, elikatu eta zaindu beharreko laguna.
 
Euskaldunak gara, eta euskaraz bizi nahi dugulako, guztiok eman behar diogu arnasa egunero, euskaraz hitz egiten eta euskaraz bizitzen. Gure egunerokotasunean eta gure bizitzako txoko eta une guztietan konpartitzeko altxorra da. Euskaldunen artean zabaltzeko ahotsa eta baita ongi ez dakienarekin mihia astintzeko aitzakia ere. Euskara, bere erabilera eta sasoiaren egoera anitza eta desorekatua den arren, Euskal Herri osoko biztanleok konpartitzen dugun hizkuntza bakarra da, euskaldun egiten gaituen funtsezko ezaugarria.
 
Gaur egun orain dela 20 urte baino elebidun gehiago dago Euskal Herrian. Igoera hau bereziki euskaldun gutxiko zonetan nabaritu bada ere, notizia ez da guztiz ona izan: eremu euskaldunetan euskararen erabilera gutxiagotu egin da. Gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean hazi, eta hau politika normalizatzaile kaskarren errua da.
 
Hala ere, euskarari arnasa ematea gure eskuetan dago. Aurtengo abenduaren 3an eta urteko gainontzeko 364 egunetan denok egin beharko genuke ahalegin berezia euskaraz: ikastetxean eta lanean, etxean eta kalean, tabernan eta sare sozialetan, lagunekin eta familiarekin. Erabilerak emango baitio euskarari bizia eta behar duen indarra.
 
Euskararen alde egin daitekeen aldarririk argiena, ekintzarik biziena eta manifestaziorik ozenena al denik eta gehiena erabiltzea da. Euskara da euskaldun egiten gaituena!
Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedIn
Esta entrada fue publicada en EUSKARA. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario