EUSKAL BIDEA. Herri borondatearen garaia EH Bildu, EHBai (2015-01-24, Irungo Ficoba)

 EUSKAL BIDEA. Herri borondatearen garaia
EH Bildu, EHBai
(2015-01-24, Irungo Ficoba)
HELBURUA, TRESNA, IZAERA 
Euskal Estatua helburu. EH Bilduk eta EHBaik erabakitzeko eskubidea oinarri izango duen prozesu eratzailea abian jartzeko eskaintza politikoa egin diote euskal gizarteari, Euskal Estatua sortzea helburu izanda. Euskal Estatua da Espainiako eta Frantziako estatuen inposaketa eta menpekotasuna amaitzeko aukera bakarra. Euskal identitatea babesteko eta garatzeko ez ezik, euskal herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko eta ongizatea izateko eta handitzeko egitura juridikoa da. 
Erabakitzeko eskubidea, tresna. Euskal herritarrok gure buruaren jabe egiteko lanabesa da erabakitzeko eskubidea, lanabes demokratikoa; arlo eta eremu guztietan erabakitzeko. Ahalmen hori erabakiak hartzen eta gauzatzen eskuratuko dugu, ez aitorpen formal bati itxaroten. 
Prozesudinamiko eta graduala. Orainarte uste genuen erabaki ahal izateko, aurretik, lurraldetasunaren eta subjektuaren osaketaren korapiloak askatu behar zirela, nahitaez. Proposamen honen eskutik, ordea, erabakitzeko eskubidea subjektu hori eraikitzeko bitarteko ere bilakatzen da, prozesu eratzailerako ardatza delako. 
EUSKAL BIDEA 
Euskal Bidea, demokratizazio bidea da. Eztabaida eta erabakiak herritarren esku jartzea da haren funtsa. Ez da soilik abertzaleen mesederako bidea, ez da EH Bilduren eta EHBairen egitasmo partikular bat, baizik eta guztion onerako da. Nazio nortasun sentipen eta identifikazio ezberdinak daude Euskal Herrian, eta demokratikoki kudeatu behar dira. Oinarria parte hartzea izanda, eraldaketa eta autoeraketa prozesua da Euskal Bidea, ez protesta edo eskakizun estrategia hutsa. 
Lehenik, estatuari eskaintza. Badirudi Espainiako Konstituzioaren erreformari ekitekotan direla. Proposamen zehatza egin nahi diegu euskal eragile politiko eta sozialei, guztion artean itun bat egin dezagun, denok elkarrekin eskaera bera bideratzeko estatuari: Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen onarpena. 
Aldebakartasuna. Pentsaezina da Espainiako Estatuak —etaFrantziakoak—halakorik onartzea. Estatuei Euskal Herriak proposatutako akordioak alferrikakoak izan dira. Mesprezua eta ukazioa izan dira haien erantzunak. Aldebakartasuna dugu, horrenbestez, Euskal Bidearen zutoinetako bat. Hautu sendoa da, ekimena hartzea. Akordiorik ezean, konfrontazio demokratikoaren aroa irekiko da. 
Oraingo eskaintza eragileei. Gainera, aldebakartasunak agertoki berriak ekar ditzake, tarteko helmugak lortzea ahalbidetu dezake. 
– Eskubide guztiak herritar guztiontzat hitzarmena sinatu. Eskubide zibil eta politiko guztiak inolako baldintzarik gabe euskal herritar guztiontzat jasoko lituzkeen hitzarmena adostea planteatzen diegu eragileei. 
– Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak eratu. Aipatutako hitzarmena sinatzen dutenek, instituzioetako gobernuetan eta gizarteko beste eremuetan erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak osatzeko konpromisoa hartuko lukete. 
PROZESU ERATZAILEA
Prozesu konstituziogilea abiaraztea proposatzen dugu, herritarren parte hartzean eta borondatean oinarritua eta, horrenbestez, erabat demokratikoa. Eremu ezberdinetan hasi eta norabide bateratzailea eman nahi diogu prozesuari. Amaieran, herri borondatearen adierazle, Euskal Errepublikaren Konstituzioa erdiestea da gure proposamena. 
Gaurko errealitatea kontuan. Prozesuak Euskal Herriko gaur egungo errealitatea kontuan hartu beharko du (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria), erritmo ezberdinak eta pauso berezituak emanez. 
 Hiru fase. Prozesu eratzaileak hiru fase izango ditu: 
 –Autoafirmazioa. Eremu bakoitzeko herritarrek beren buruari erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gaitasuna eman. 
–Autoeraketa. Eremu bakoitzak autoeraketari ekin, gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak bultzatuz. 
 –Autodeterminazioa. Eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiak. Hegoaldearen kasuan, estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi erkidegoen harremana erabakitzea lehenesten dugu, Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera. 
Prozesua ahalbidetzeko epe motzeko pausoak
– Nafarroan aldaketa politikoa. 
Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioa. Lurralde elkargoaren bidean, hiri elkargoaren alde egin, hiru herrialdeen lurraldetasuna finkatzeko. 
–EAEn estatus politiko berria. Hiru lurraldeetako herritarrek gehiengoz erabakitakoa eskumen bilakatu, haien erabaki ahalmenak ez izateko estatuak inposatutako sabairik. 
EH Bilduren eta EHBairen dokumentuaz BERRIArako egindako laburpena da. @EnekoitzEsnaola
Esta entrada fue publicada en Actualidad, Askatasuna, EHBILDU, Euskal Bidea, Euskal Herria, Hausnarketa. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario