“UDALAK ESAN DU EZ DUELA UDALBATZAK ONARTUTAKOA BETEKO”

2016-11-29. Portugalete. Asier Alcedo, Portugaleteko Adierazpen Askatasunaren aldeko plataformako kidea. 29-11-2016. Portugalete. Asier Alcedo. Miembro de la plataforma por la libertad de expresión.

2016-11-29. Portugalete. Asier Alcedo, Portugaleteko Adierazpen Askatasunaren aldeko plataformako kidea.
29-11-2016. Portugalete. Asier Alcedo. Miembro de la plataforma por la libertad de expresión.

Aitziber Laskibar Lizarribar

Udala gizarte eragileak ekonomikoki itotzen ari dela eta, plataforma zabal bat sortu da Portugaleten. Informazioa emateko kalean kartelak jartzen dituzten eragile eta banakoei isun handiak ipintzen ari dela salatu du Asier Alcedok (Portugalete, 1996), Portugaleteko Adierazpen Askatasunaren Aldeko Plataformaren izenean.

Adierazpen askatasunaren aldeko plataforma sortu berri duzue Portugaleten. Zergatik?

Portugaleteko Udalak 2004an jarri zuen martxan hiriko garbiketa zehazten duen ordenantza. Kartelak eta pankartak kalean edo leku publikoetan ipintzeagatik isunak jarriko zirela zehaztu zuen, besteak beste. Horren harira, hainbat eta hainbat isun hasi zitzaizkien heltzen elkarteei. Azkenaldian, 3.000 euroko isunak ere jarri zaizkie hainbat elkarteri.

Gogortu egin dira zigorrak?

Bai. Batez ere, azken urtean. Udalaren aldetik gogortze bat egon dela ikusi dugu, jazarpena handitu dela.

Murrizketak nolabait arintzeko, iragarki taulak jartzea onartu zuen otsailean udalbatzak…

Bai, udalbatzak onartu zuen herrian sei panel jartzea jendeak euren kartelak ipintzeko. Baina PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, eta udalak dio ez duela zertan bete erabakia. Publikoki esan du ez dituela panelak jarriko. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren botoekin onartu zen proposamena. Baina PSE-EE dago udalean. Udalak esan du ez duela beteko udalbatzak onartutakoa, eta ez du bete.

Aurkeztu berri duzuen plataformak eragile asko batu ditu.

Bai, bai, asko batu gara: 34 eragile. Badaude, batetik, eragile politikoak: EH Bildu, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Podemos, Portugaluj@s Despierta-Esna Gaitezen, PCPE, Sortu, Aralar, EA, Ernai eta Gazte Komunistak. Badaude ELA, LAB, ESK eta CNT sindikatuak. Badaude eskaut taldeak, aisialdi taldeak, auzo elkartea, talde feministak eta askotariko gizarte eragileak… Adibidez, ni Merkatukoa naiz; Portugaleteko Alde Zaharrean dagoen eraikin autogestionatu batekoa. Oso jende desberdina gaude plataforman; helburu oso desberdinak ditugun eragileak gara. Baina, finean, gure informatzeko era nahiko antzekoa izaten da, eta guztiok ari gara jasotzen oztopo berak informazioa ematerakoan. Sinatu duten taldeen artean denetarik dago. Azken finean, herriko talde eta eragile guztiok jasaten dugu hau.

Isunak ere denetariko taldeek jaso dituzte?

Bai, bai. Eta pertsona partikularrek ere bai. Adibidez, lan bila ari diren eta lana bilatzeko txarteltxoak jarri dituzten batzuek ere jaso dituzte isunak.

Aurkezpen publikoaren ostean, zein pauso emango dituzue?

Arazoa sozializatzea da, batez ere, hemendik aurrera egin nahi duguna, eta herritarrei ikusaraztea adierazpen askatasuna oinarrizko eskubide bat dela: guk informazioa emateko eskubidea dugula, eta, herritar moduan ere, informatuak izateko eskubidea dugula. 2014ko ordenantza zer eragiten ari den plazaratu dugu, eta irtenbide bat eskatu diogu udalari. Ezin du jarraitu eragileak etengabe ekonomikoki itotzen.

Udalarengana jo duzue zuzenean ordenantza bertan behera utz dezala eskatzeko?

Bai, hori da. Lehenik eta behin, exijitzen diogu 2016ko otsailean onartutakoa betetzeko, udalbatzak berak onartu du eta. Eta exijitzen dugu, era berean, bertan behera uzteko 2004an garbiketaren inguruan sartu zen lege hori; hausnarketarako bide bat zabaldu dadila behintzat, eta berriro aztertu eta eztabaidatu dadila.

Bide horretan, mobilizazioak egiteko asmoa plazaratu duzue.

Gure artean eztabaidatu behar dugu lehenengo, baina era guztietako mobilizazioak egiteko aukera mahai gainean dugu. Kalean ikusiko dira ekinaldiak. Hau ez da geratuko adierazpen hutsean; 2004ko legea bertan behera utzi arte edo behintzat gure kontrako isunak eten arte, lanean jarraituko dugu, eta kalean presentzia izango dugu.

Iturria: http://bizkaia.hitza.eus/2016/12/02/udalak-esan-du-ez-duela-udalbatzak-onartutakoa-beteko-eta-ez-du-bete/ 
Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedIn
Esta entrada fue publicada en Actualidad, Ayuntamiento, Portugalete, Sin categoría, udaletxea. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario