Euskal presoen abokatuen kontrako sarekada salatzeko Bozeramaleen Batzordea biltzeari uko egin dio EAJk

EAJk uko egin dio gaur goizean atzo Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, euskal presoen abokatuen kontrako sarekadaz eztabaidatzeko EH Bilduk atzo eskatutako Udal Bozeramaleen Batzordea deitzeari. Gogoratu behar da sarekadan izandako bost atxilotu bilbotarrak direla.
Aitziber Ibaibarriaga bozeramaleak Udal Gobernuaren jarrera deitoratu du, “eskandalagarria eta logika politikatik erabat kanpo dago”. “EAJk gertakari larri honen aurrean iritzirik agertu nahi ez izana ezin dugu ulertu”. Bozeramaleak gogoratu du “oinarrizko askatasunen kontrako eraso berri honek, jendartearengan alarma soziala pizteaz gain, normalizazio prozesuari kalte besterik ez diola egiten”.
“Erabat lotsagarria da aurreko astean Charlie Hebdo Parisko astekariak pairatu zuen erasoa udaletxeko eskaileratan salatu izana eta orain EAJk ezetz esatea gure herria zuzenean kolpatu duen oinarrizko eskubideen kontrako erasoaren gainean eztabaidatzeari. Gero eta zailagoa da Bilboko EAJ Alderdi Popularretik bereiztea”, salatu du Ibaibarriagak.
Bozeramale soberanistak hausnarketarako deia luzatu dio EAJri. “Oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez dira inolaz ere lagungarri gure Herriak bizi duen soluzio bilaketarako. Oinarrizko eskubide ororen errespetatzetik baitator soluzioa eta horretarako alderdi demokrata guztion ekarpena ezinbestekoa da”, gogoratu dio Ibaibarriagak EAJko zuzendaritzari.
Esta entrada fue publicada en #JesSuisBasque #AtxilotuakAskatu, Euskal Herria, Independentzia. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario